XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zortzi urtetik gorakoentzako Kometa aldizkaria sortu da

Xirrixta ateratzen dutenek ekin diote hedabide berri honi

FELIX IBARGUTXI/DV. DONOSTIA

Ume txikientzako Xirrixta aldizkaria plazaratzen dutenek zortzi urtetik aurrerakoentzako Kometa argitaratzeari ekin diote.

Lehengo urrian atera zen lehen zenbakia eta laster izango da kalean hirugarrena, bihilabtekaria denez.

Ez da komiki-aldizkaria, ezta aldizkari didaktikoa ere; ipuin luzea eta jolasak, hauek dira aldizkari berri honen bi atal nagusiak.

Xirrixtaren kasuan bezalaxe, oraingoan ere Milan Presse argitaletxeko frantsesezko aldizkari baten euskal bertsioa da aldizkaria; Moi, je lis Diabolo du izena jatorrizko aldizkariak.

Edonola ere, hutsune nabarmen bat betetzera dator Kometa.

Kometaren argitaratzaileak Xirristazaleak eta Letrazopa elkarteak dira, bata egoitza Hendaian duena, bestea Irunen.

Xirrista aldizkaria bezalaxe, beste hau ere Iparralde eta Hegoaldearentzako, bientzako egina da.

Xirrista aldizkaria irakurtzen duten umeek behin zortzi urtez gero ere zer irakurria izan dezaten sortu genuen Kometa, esan digu Aintzane Lasarte, bertako arduradunak.

Zentzu handirik ez baitauka ume txikiei Xirrixta eskaini eta gero ezer gabe uztea.

Gure proiektuak epe luzerako asmoak ditu; hatik bat nahi dugu umeak ohitu daitezela irakurtzera, gero euskarazko prentsa irakurtzeko gogoa senti dezaten.

Aldizkaria bihilabetekaria da.

Orain mila harpidedun inguru ditu eta dezente gehiago behar dira errentagarri izan dadin.

Hala ere, Kometak ez du lehendik Xirristarekin geneukan gastua bikoiztu, hon garbi dago, jarraitzen du Lasartek.

Gurasoen artean ez omen dago umeentzako aldizkaririk erosteko ohitura handirik:

Durangoko Azokan behin baino gehiagotan ikusi genuen: umeak aldizkaria eskatu eta gurasoak zera esan, ez, hori emango dizute eskolan.

Hori uste okerra da.

Guk uste dugu irakurketak ez duela soilik eskola-ariketa izan behar, plazerragatik beragatik ere irakurri behar dela, eta etxean gainera.

Bere lanean, Aurelia Arkotxa, Jon Casenave eta Txomin Heguy ditu aholkulari Aintzane Lasartek.

Euskal Kultur Erakundeko arduradunetako bat da Heguy eta, hain zuzen ere, hauxe da aldizkaria babesten dituen erakundeetako bat.

Azkenaldi honetan lortu du Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzarik ere.

Aldizkariko orri gehienak ipuin luze batek hartzen ditu.

Bukaera aldera, hitz eta esamolde zenbaiten esanahia argitzen da.

Gero Mikel Valverde marrazkilari gasteiztarraren txiste grafiko bat dator.

Eta azken orrietan, zenbait jolas dakartza eta baita sukaldaritzari buruzko orri bat edo beste.

Beraz, aldizkari hau ez da Frantziako Moi, je lis Diabolo haren itzulpen hutsa ere, egokipen aberastua baizik.

Ale bakoitza 750 pezeta kostatzen da, eta urtebeteko harpidetza 4.000.

Letrazopa elkartearen helbidea hau da: 306 Posta Kutxa, 20300 Irun.